Imanol Telleria Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, lau urtean behin botoa ematea “minimoen demokrazia” da, eta herritarren “desmobilizazioa” eragin dezake. Hori horrela, demokrazia pentsatzeko beste eredu batzuk abian jarri behar direla dio: demokrazia parte hartzailea, demokrazia zuzena edota demokrazia deliberatiboa, besteak beste.
Garrantzitsutzat jo du “ekarpen teorikoetan” bakarrik ez gelditzea, eta “errealitatearekin kontrastatutako mekanismoak” martxan jartzea. Zentzu horretan, nabarmendu du gakoa ez dela zein mekanismo erabiltzen den, “nola gauzatzen den baizik”. Izan ere, demokrazia eredu parte hartzailetzat jo ditu, esaterako, aurrekontu parte hartzaileak, eta ohartarazi du mekanismo horiek “elite ekonomikoen boterea zuritzeko” erabiltzeko arriskua dagoela.
Telleriak adierazi du gaur egungo demokrazia ordezkatzaileetan ulertzen dela herritarrak “erabakietatik urrun” egon behar direla, eta profesionalek, politikariek edo teknikariek hartu behar dituztela erabakiak: “Administrazioa horrela dago pentsatuta eta antolatuta”. Hori dela eta, nabarmendu du herritarren parte hartzea bultzatu nahi duten politikari edo agintariek “kontraesanak edo oztopoak” dituztela “nahiz eta ideologikoki partaidetza bultatu nahi izan”. Zentzu horretan, nabarmendu du mekanismo prozesuetan pentsatu behar dela zelan bideratu ekimenak errealitate horietan “kalitate demokratikoa” gauzatzeko.
Era berean, eskuin muturreko diskurtsoen igoera izan du hizpide Telleriak, eta azpimarratu du “eguneroko balio eta praktika demokratikoak indartu eta konfrontatu egin behar direla diskurtso antidemokratikoekin".