Garoa Lekuona Hondarribiko EH Bilduko alkategaia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Hauteskundeen balorazio “positiboa” egin du Lekuonak, 28 urtez EAJk izan duen gehiengo absolutua galdu duelako, eta azpimarratu du “giltzarri” izango direla “gehiengo oso euskaldun, ezkertiar eta berdintasunaren aldekoa osatzeko”.
Lekuonak nabarmendu du herritarrek EAJri “zigortu” egin diotela “autoritarioki” egindako lana, eta azpimarratu du herritarren partaidetza jarriko dutela erdigunean: “Herriak entzutea nahi du, eta partaidetza bultzatzea ezinbestekoa da".
Alardearen auzia izan du hizpide, eta nabarmendu du legealdi honek “konponbidearena” izan behar duela: “Konponbidea ez da egun batetik bestera etorriko, fasekakoa izango da. Lan handia eskatuko du, eta norabidea ondo markatzea”. Bide horretan, Lekuonak azpimarratu du aurten, lehen aldiz, alkateak “harrera” egingo diola Jaizkibel Konpainiari, eta espero du “bestelako aldaketa batzuk ere nabaritzea”.
Hori horrela, ekainaren 17an “aldaketaren” alde egingo dutela nabarmendu du.
Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.