Josu del Campo geografoa eta Haritik Hirira proiektuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Del Camporen esanetan, ikusi zuten “apenas” zeudela Euskal Herria bere osotasunean ikertu eta lurraldean garatzen diren prozesuak (etxebizitza, turismoa, hirigintza…) jorratzen dituzten ikerketak, eta beren helburua da “hutsune” hori betetzea eta geografoen lana ikusaraztea.
Del Campok nabarmendu du oro har Euskal Herriko biztanleria handitu egin dela azken urteetan, baina badira kontrako joerak ere: azaldu du Zuberoak biztanleriaren %40a galdu duela azken 150 urteetan, eta Nafarroa Behereak %35a. Orokorrean, landa eremuko biztanleria jaisten ari dela dio, eta udalerri handietakoa edo hirietakoa igotzen. Horren kausatzat jo du, besteak beste, gune horietan zerbitzu publiko gutxiago izatea.
Del Campok nabarmendu du erliebeak baldintzatu du Euskal Herriko zenbait hiri eta herriren hazkundea, eta adierazi du dentsitate baxuko guneetan zerbitzuen eskaintza murritzagoa izan ohi dela.
Del Campok azpimarratu du hiri ereduak zerikusia dauka turismo ereduarekin, eta dio azken urteetan, turismo gehiago bideratu dela hirietara. Zentzu horretan, gehitu du Airbnb bezalako plataformetako etxeen merkatua gero eta gehiago kontrolatzen dutela erabiltzaile profesionalek, eta horrek eragiten duela merkatua esku gutxi batzuetan pilatzea: “Eskaintza oso azkar handitu da, eta sektorea gero eta profesionalizatuago dago”.