Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindularia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Ostolazak nabarmendu du “nahiko pozik” dagoela elite mailako errepideko Espainiako txapelketan lortutakoarekin, eta azpimarratu du talde guztiaren emaitza dela. Gehitu du Itzulia izan dela bere aurtengo lasterketarik “borobilena”.
Ostolazaren esanetan, emakumezkoen txirrindularitza “sasoi onean” dago, eta azken urteetan asko hobetu da beren egoera: “Txikitan ez zitzaidan burutik pasa ere egiten kirolaria izan nintekeenik”. Hala ere, dio “benetako apustua” behar dela: "Emakumezkoen kirolagatik apustua egingo duten babesleak behar dira, eta emakumezkoen kirola ikusarazi behar da”.
Ostolazak aspaldi hasi zuen bere kirol ibilbidea: “Txikitatik egiten dut kirola; duatloietan eta triatloietan parte hartzen nuen, eta igeri egiteari utzi behar izan nion lesio baten ondorioz. Orain, guztiz zentratuta nago bizikletan”.
Tourra izan du hizpide, eta nabarmendu du txirrindularitza gustatzen zaien pertsonentzat pozgarria dela horrelako lasterketa bat Euskal Herrian bertan hasi, eta bertako errepideetatik igarotzea. Nolanahi ere, goi mailako kirolariez gain, adierazi du kategoria baxuetako lasterketak ere “babestu” egin behar direla: “Hori da etorkizuna”. Horrez gain, nabarmendu du Tourrak aukera emango diela euskaldunei “munduari zein garen erakusteko".
Ostolazak adierazi du entrenatzeko baliatuko duela uda, “denboraldiaren bigarren zatia ondo prestatzeko”. Abuztuaren 1ean ekingo dio Frantziako Bretainian: “Pozik nago denboraldiaren lehenengo zatiarekin, eta horrela jarraitu nahiko nuke bigarren partean. Gogotsu gaude, taldea aurrerapausoak ematen ari da, eta gustura nago taldeak baliabideen aldetik eman duen gorakadarekin”.