GUREAN GAUR

Maria Luisa Garcia, PSE-EE: "Aukera paregabea daukagu berriro gobernu progesista bat eratzeko"

Maria Luisa Garcia Espainiako Kongresurako hautagaitzaren bigarren zerrendakidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Garciak nabarmendu du “ilusioz eta arduraz” aurkeztu dela uztailaren 23ko hauteskundeetara, “aukera paregabea dutelako berriro ere gobernu progresista bat osatzeko”.

PSE-EEko eledunak azpimarratu du “erabateko inkoherentzia” ikusten duela alderdi popularraren “ekintzetan eta diskurtsoetan", eta herritarrei dei egin die botoa eman dezaten: “Herritarrek ondo pentsa dezatela zer dagoen jokoan PP eta VOXen arteko gobernu bat osatzen baldin bada. Momentuak eskatzen du botoa ematera joatea".

Hori horrela, nabarmendu du bi aukera soilik daudela datozen hauteskundeetan: “Gobernu progresista bat sortzea alderdi sozialistaren lidergotzarekin, edo PPk eta VOXek osatutako gobernua. PP eta Vox atzera begira daude, eta gaur egungo erronkei aurre egiteko etorkizunera begiratu behar da". Garrantzitsutzat jo du SUMARek ere ordezkaritza lortzea: “Pedro Sanchez prest dago Yolanda Diazekin akordioak lortzeko”.

Garciaren esanetan, “agenda soziala lehenetsi duten 200 lege baino gehiago” onartu dituzte legealdi honetan, eta pasa den legegintzaldian Espainiako Kongresuan “sekulako bizipena” izan duela nabarmendu du.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.