GUREAN GAUR

"Orain artekoa ohikotzat hartuta, bataz beste horretatik aldentzen ari dira hainbat gertaera"

Iñaki Antiguedad hidrogeologian katedraduna elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, iraganean ere “ohikoak” izan dira azken egunetako gertaera metereologikoak: “Beste gauza bat da orain arte gertatu dena ohikotzat hartuta, bataz beste horretatik aldentzen ari direla hainbat gertaera”. Hori horrela, Antiguedadek nabarmendu du ohizkotasunetik eskapatzen diren gertaera horiek gero eta gehiago lotu behar direla klima aldaketarekin: “Klima berez da aldakorra, baina kontua da azkeneko hainbat hamarkadatan badagoela aldaketa bat propioa sistemarena ez dena, baizik eta geuk sortua”. Hori horrela, klima aldaketa “ongi etorria” dela “gogoratzen badigu hainbat gauza aldatu egin behar ditugula serioski”.

Antiguedaden esanetan, orain arte ohikotzat hartu ez diren lehorteak gero eta ohikoagoak izango dira, eta dio arreta handiagoa eskatuko dutela lehorteek uholdeek baino. Hori horrela, azpimarratu du lehorteei zelan aurre egin planifikatzen hasi behar dela, eta ohartarazi du erakundeek ez dutela lurraldea ikuspegi hidrologiko batetik planifikatzen: “Egun, uholdeak gertatzen dira hemen orain dela 60 urte gertatzen zirena baino euri kopuru txikiagoarekin. Eta kontutan izan behar dugu euria fuerte egiten duenean ez duela bakarrik errekaren edo ibaiaren gainean egiten, lurralde osoan egiten du. Arazoa, funtsean, hori da: zergatik, orain, zaparrada handiak egiten dituenean, hain denbora gutxian hainbeste ur bolumen biltzen dira errekara?”.

Testuinguru horretan, Antiguedadek azpimarratu du birpentsatu behar dela zelan egin behar zaion aurre klima aldaketari, eta zein politika eraginkor jarriko diren martxan lurraldetik abiatuta eta perspektiba zabal batetik: “Kontua ez da nondik hartuko dugun datozen urteetan ura nekazaritzarako lehorte garaietan; hori baino lehenago, jakin behar dugu zer produzitzen dugun euskal lurretan eta nori begira produzitzen dugun. Trantsizio bat planteatu behar dugu ura, energia eta nekazaritza kontuan hartuko dituena".

Horrez gain, Antiguedadek azpimarratu du herriek, eta batez ere eskualdeek, aldarrikatu behar dute uraren kudeaketan presente egon nahi dutela, eta horri buruzko erabakietan parte izan nahi dutela.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.