Bego Zubia 'Erresistente' dokumentaleko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Zubiak azaldu du bakterioen erresistentzien arazoa ikertzen ari diren hainbat ikertzailerekin landu dutela gaia, eta ohartu direla antibiotikoekin badagoela arazo bat: “Gaiak erabat txunditu gintuen, eta ikusi genuen bazegoela lan sakonago bat egiteko aukera; horregatik erabaki genuen dokumentala egitea”.
Zubiaren esanetan, gaixotasunei aurre egiteko antibiotikoak “modu masiboan eta era desegokian” erabili izan dira mundu osoan, giza osasunean, nekazaritzan edota animalia eta arrain haztegietan, eta horrek eragina izan du: “Bakterioek gaitasun ikaragarria dute egoera berrietara moldatzeko; pertsonak belaunaldi bat osatzeko 30 urte behar baditugu, bakterioek 20 minututan egiten dute. Horrek malgutasun handia ematen die egoera berrietara egokitzeko”.
Horren aurrean, Zubiak azaldu du bakterioek erresistentziak garatu dituztela presio horri egiteko, eta elkarren artean trukatu egiten dituztela erresistentzia horiek: “Gaur da eguna erresistentzia horiek mundu guztian zabaldu direna, eta antibiotikoen eraginkortasuna pixka bat ahuldu egin da”. Hori horrela, nabarmendu du erresistentzia horiek gizakien gaixotasunak sortzen dituzten bakterioetara iristen badira, sendatzeko tresnarik gabe gelditzen dela gizakia, eta hori gertatu dela.
Nabarmendu du adituek diotela ez dagoela atzera bueltarik, baina mugatu egin daitekeela eragina: “Datuek esaten dute antibiotiko gutxiago erabiltzen badira, erresistentzia kopurua ere gutxitu egiten dela”. Zentzu horretan, dio gehiegizko erabilera txarra munduko ia leku guztietan mugatuta dagoela, eta gaur egun, asko kontrolatzen dela giza osasunean, albaitaritzan edota nekazaritzan zenbat antibiotiko erabiltzen den: “Kontrol zehatza dago”. Hala ere, nabarmendu du “eraginkorrena” ez gaixotzea dela, eta horretarako, garrantzitsutzat jo du maiz eskuak garbitzea.
Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.