Gabirel Ezkurdia Geopolitikaz taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, eta Palestinako egoera izan dugu hizpide. Salatu du “genozidioa” egiten ari dela Israel Gazan, eta Israelen helburua dela Gaza “hustea”.
Ukatu egin du gatazka hau urriaren 7an hasi zenetik; are, nabarmendu du gatazka hau ez zela 1948. urtean ere hasi, eta garrantzitsutzat jo du kontzeptuak ongi definitzea: “Gauza bat dira judutarrak, bestea sionistak, eta bestea semitak. Kontzeptu diferenteak dira, eta denak nahastu egiten ditugu”.
Nabarmendu du urriaren 7a baino lehenago ere ia hiru palestinar hil dituztela egunero, baina salatu du komunikabideek ez dutela horren berri eman, eta azpimarratu du gatazkaren muinean Israelgo Estatuaren izaera sionista dagoela: “Israelek bere legedian argi utzi du herrialde hori dela bakarrik judutarrentzako eta hizkuntza hebreoa dutenentzako". Zentzu horretan, azpimarratu du sionismoa “ideologia maltzur” bat dela, XIX. mende bukaeran sortu zena. “Judutarrak historikoki pertsegitu dituzte, baina beren klaseagatik. Sionismoak XX. mendean biktimismo hori erabili zuen, eta holokaustoaren ostean, hainbat atentatu terrorista egin zituen britainiarren aurka, eta lortu zuen NBEk eskaintzea estatu judutar baten sorrera Palestinan. Ordutik, garbiketa teknikoa egin dute bertan”.
Ezkurdiak nabarmendu du sionismoa dela arazoa, eta esaten diren gauza guztiak lotuta daudela ideologia supremazista horrekin: “Kolonoen jarrera beti izan da supremazista, pentsatzen dute hango lurra haiena dela Jaungoikoak eman dielako", adierazi du politologoak. Era berean, gehitu du soluzioa dela Palestinako estatu bakar bat sortzea, estatu akonfesionala, eta sionismoa ideologikoki eta bere partaide guztiak “epaitu eta erradikatu” egin behar direla adierazi du. Era berean, nabarmendu du Mendebaldeko gizarteko herritarrek “erantzukizuna” daukatela Gazako sarraskia gelditzeko, eta politikariei “zintzotasuna” exijitu behar zaiela.