GUREAN GAUR

Sofia Marcos: “Pottoken jatorria aztertzeko oinarri metodologikoak zehaztea da helburua”

Miren Iraeta, Oihane Mendizabal eta Sofia Marcos ikerlariek euskal poniaren jatorria eta ondarea aztertuko dituzte 'Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondareari jarraika' ikerketan. Hiru ikertzaileek 18 hilabete izango dituzte ikerketa egiteko, 2025eko apirilaren 1era arte, eta 9.000 euroko laguntza jasoko dute horretarako.

Iraetak nabarmendu du ikerketa berezia izango dela, pottoka zaleen talde baten proposamen batetik datorrelako ikerketa hau egiteko ideia. Etorkizunean pottoken jatorria aztertzeko oinarri metodologikoak zehaztea da ikerketaren helburua, eta adierazi du ez dakitela noiz eta nola izan zen pottokaren etxekotze prozesua: “Europa zaharreko zaldi populazioak Asia hegoaldeko migrazioen ondoriozkoak dira, baina ez dakigu pottoka zein zaldi gurutzaketen emaitza den, eta horretarako, erromatar garaiko zaldi hezurren eta gaur egungo pottoken ADNa sekuentziatuko dugu”, azaldu du Marcosek.