GUREAN GAUR

Peio Jorajuria, Seaska: “Beskoitzeko Udalak ikastola eraikitzeko baimena ukatu digu”

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariarekin hitz egin dugu azaroaren 18an Beskoitzeko Ikastolaren alde antolatu duten manifestazioa hizpide. Jorajuriak azpimarratu du ikastola hori duela 10 urte sortu zela udaletxearen lurretan udaletxeko baimenarekin, baina salatu du azken 2-3 urteetan udaletxeak ”oztopatu” egin duela ikastolaren garapena, eta hainbat neurri hartu dituela horretarako.

Jorajuriak azpimarratu du adostasun bat atzeman zutela udaletxearekin ikastola berri bat eraikitzeko, baina salatu du udaletxeak eraikuntza baimen hori ukatu dietela: “Saiatu gara elkarrizketak abiatzen, baina ukatu egin digute, eta horregatik, manifestazioa antolatu dugu, ikastola hori garatzen utzi behar digula, eta euskararen defentsan ari garela aldarrikatzeko”.

Manifestazio ahalik eta “jendetsu” eta “koloretsuena” izan dadin nahi dute, erakutsi nahi dutelako “euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela, “horrek ahalbidetuko dielako elkarrizketa abiatzen eta konponbidea atzematen”. Goizeko 11:00etan abiatuko da manifestaldia, Beskoitzen.