GUREAN GAUR

1.500 pertsona bilduko ditu Berbagunearen 10. edizioak

Berbagunea ekimenaren hamargarren edizioa egingo da azaroaren 23an Bilboko San Mames estadioan, Athletic Club futbol taldearen sorreraren 125. urteurrenarekin bat eginez, 'Denon artean euskara eraikitzen' lelopean. Orotara, 1.500 lagun bilduko ditu "euskara kalera ateratzeko eta hizkuntzaren eguneroko erabilerak duen garrantzia aitortzeko", antolatzaileen arabera.

Azaldu dutenez, aurten ere, adin eta egoera guztietako euskaldunak mahai baten inguruan bilduko dira hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko. Hiru txanda izango dira goizez, eta bat arratsaldez, bakoitza ordu eta erdikoa. Moderatzaile batek gidatuta, taldeek gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egingo dute, eta parte hartzeko, http://berbagunea.eus web orrian eman behar da izena.

Giro lasaian, parte hartzaileek liburuei, kirolari, aisialdiari eta beste gai interesgarri batzuei buruzko elkarrizketak partekatuko dituzte beste euskaldun batzuekin. Egun osoan lau txanda antolatuko dira: 09.30etik 11.00etara, 11.00etatik 12.30era, 12.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 18.30era.