GUREAN GAUR

Ana Mezo, Pentsiodunen Mugimendua: "Zaintzak erdigunean jarri behar dira"

Ana Mezo pentsiodunen mugimenduko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Mezok azpimarratu du zaintzak erdigunean jarri behar direla, eta azaroaren 30eko grebarekin bat egiten dutela nabarmendu du: “Erdigunean jarri beharreko gaia da”. Adierazi du beste zaintza eredu bat beharrezkoa dela: “Zaintzak ez du zaindua denaren ahalmen ekonomikoaren araberakoa izan behar”.

Salatu du instituzioek ez dutela eragile sozialekin hitz egiten zaintzari buruz: “Eusko Jaurlaritzak zaintzari buruzko konferentzia bat egin zuen pasa den astean, baina gurekin hitz egin gabe. Pribatizazioa argia da, laguntzak oso murritzak dira, eta gauzak aldatu ezean, zama guztia familiarengan geldituko da", salatu du Mezok.

Mezoren esanetan, zaintzari buruzko prozesua ez da azaroaren 30eko grebarekin hasi, eta ez da orduan amaituko ere: “Guk denbora asko daramagu zaintzari buruz hitz egiten eta indar politikoak interpelatzen jarraituko dugu 1.080 eurorainoko osagarri hori kontenpla dadin 2024ko aurrekontu proiektuan". Era berean, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu dietela Hego Euskal Herriko pentsiodunen osagarritze hori ejekuta dezatela: “Ezin dugu itxaron; 1080 euroko gutxieneko pentsioa orain behar dugu".

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.