GUREAN GAUR

Gehitu: “Ez dugu onartuko gure gorputzen gaineko indarkeria guztiak erreproduzitzen jarraitzea”

Izei Etxeberriak Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu ditu. Nabarmendu du behartuta daudela prozesu hori egitera: “Prozesu mediko bat burutu nahi baldin baduzu, eta zure prozesuari jarraipena emango dioten profesionalekin egon nahi baduzu, ospitale horretara joan beharra daukazu”.

Etxeberriak adierazi du inkesta publiko bat egin zutela, eta erantzunak oso esanguratsuak izan zirela: “Pertsona oso gutxik hartu zuten parte; askotariko erantzunak jaso ditugu, baina oso esanguratsuak izan dira, eta lodifobiarekin edota transfobiariekin lotutako adierazpen ezberdinak bildu ahal izan ditugu”. Hala ere, dio inkesta hori lanaren zati bat izan dela, eta urteak daramatzatela akonpainamenduak egiten trans pertsonekin edota intersexualekin.

Etxeberriaren esanetan, beren aldarrikapen nagusia da ezaba dezatela psikiatrarekin egoteko betebeharra protokolotik: “Trantsizioa mediku batekin egin nahi baldin badugu, horrek tutelazio prozesu bat izaten amaitzen du, eta hirugarren pertsona batek erabakitzen du prozesu horretan aurrera jarraitzeko baldintzak betetzen ote ditugun”. Nabarmendu du indarkeria “oso bortitza” jasaten dutela lodiek, arrazializatuek, migranteek, eroek edota gaixoek: “Ez dugu onartuko gure gorputzen gain burutzen diren indarkeria guztiak erreproduzitzen jarraitzea, eta are gutxiago psikiatriak dakarren patologizazio prozesuarekin”.