GUREAN GAUR

'Euskararen Errepublikaren plaza' izena jarri dio EHEk Iruñeko Konstituzio plazari

Iruñeko Udalak 1978ko Espainiar Konstituzioaren omenezko “Constitución” izeneko plaka jarri zuen iazko urtarrilean. Helegite bat tarteko, Nafarroako Administrazio Auzitegiak gaztelera hutsean errotulatu zitekeela ebatzi zuen urtebete geroago. Duela bi aste berretsi zuten plazaren izena ezin dela euskarara itzuli. Euskal Herrian Euskarazek euskararen aurkako oldarraldi judizialarekin lotu du erabaki hori. “Gure kaleetan euskararik ikusi eta entzun nahi ez dutenen aldetik erasoaldi luzea jasaten ari gara euskaldunok” adierazi dute. Horregatik, euskararen errepublika aldarrikatu dute.