GUREAN GAUR

Igor Otxoa, Gernika-Palestina: “Palestinako egoera guztiz jasanezina da”

Igor Otxoa Gernika-Palestina herri ekimeneko kidearekin hitz egin dugu Hamaika Telebistan. Nabarmendu du pasa den astean Gernikan egin zuten ekimen mundu osoan hedatu izanarekin harrituta daudela oraindik ere: “Bagenekien Gernikak bazuela indar sinboliko hori, eta ate asko irekitzen zituela, baina ez genuen horrelako hedapenik espero”.

Salatu du Palestinako egoera gero eta larriagoa dela, eta egoera guztiz “jasanezina” dela. Hori horrela, nabarmendu du nazioarteko instituzioei begiratzeaz gain, bertako instituzioei begiratu beharko litzaiekeela: “Ikusi dugu CAFeko lehendakariari ohorezko domina emango diola Eusko Jaurlaritzak. Hori onartezina da”, salatu du.

Azpimarratu du euskal herritarrek “elkartasun eta urgentziazko sentimendua” dutela Palestinako egoeraren aurrean eta hori bistaratzeko ekimenak antolatzen jarraituko dutela.