GUREAN GAUR

Gorka Yabar, AZET: “Arazo kolektibok erantzun kolektiboak behar dituzte”

AZET sindikatuak Etxebizitza Turistikoen Aurkako Gida aurkeztu du, eta bertako kide Gorka Yabarrekin hitz egin dugu. Nabarmendu du “kapitalismoaren ofentsiba” baten barnean ulertu behar dela etxebizitzarekin gertatzen ari dena: “Hainbat gatazka ikusten ari gara, etxegabetzeak, funts putreen agerpena edota auzoen turistifkazioa, eta horrek nola zeharkatzen duen etxebizitzaren auzia”. Hori horrela, adierazi du tresna hau atera dutela arazo honi “konponbide zuzen” bat emateko, eta neurri handiago batean, baita “kapitalari erantzuteko” ere.

Yabarren esanetan, etxebizitzen turistifikazioa ez da arazo isolatua, eta “logika kapitalista oso baten barnean” ulertu behar da. Hori horrela, uste dute erantzun kolektibo bat eman behar zaiola, eta horregatik, dio hainbat tresna garatu dituztela beren sindikatuan: tresna politikoak, aholkularitza juridikoa edota metatu dituzten jabetzak sozializatzea: “Gure sindikatura heltzen diren kasu edo pertsona gehienek beren etxebizitzarekin zuzenki lotutako arazoak dituzte, baina tresna honen bidez lortu nahi dugu arazo berriei erantzutea, eta kasu honetan, etxebizitza turistikoen kontra posizionatu nahi duten bizilagunengana heltzea, eta gure komunitate politikoa handitzea”.