GUREAN GAUR

Indarrean da metro eta tranbiara patinete elektrikoekin igotzeko debekua

Metro Bilbaok eta Euskotrenek patinete eta monoziklo elektrikoen sarrera debekatu du. Erabakia bi operadoreek eskainitako zerbitzu guztietan izango du eragina, bai Bilboko metroan zein Bilbo eta Gasteizko tranbietan edota Euskotreneko trenetan. Ibilgailuetan ez ezik, debekua atondo eta nasetara hedatzen da ere, balidazio lineatik aurrera patinete edo monoziklo elektrikorekin pasatzea debekatuta egongo delarik. Elementu hauek azken urteetan sortu dituzten gorabehera larriak dela eta hartutako erabakia izan da hau, gailu hauen bateriek eragindako sute eta deflagrazioak ekiditeko asmoarekin. Erakundeetatik azaldu dutenez, bidaiarien segurtasuna bermatzeko neurria izango da hau, garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen osotasun fisikoaren kontrako arriskua murriztuko duena.