GUREAN GAUR

Sindikatuen arabera, itunpeko eskoletako grebak % 65eko jarraipena izan du

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxetako lan gatazkak konpondu gabe jarraitzen du, atzo ELA, COOO, LAB, UGT eta Steilas sindikatuek Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalarekin egindako bilera akordiorik gabe amaitu ostean. Ondorioz, sindikatuek urtarrilerako eta otsailerako iragarritako 10 greba egunei eusten diete, eta gaurkoa izango da, hain zuzen ere, lehendabizikoa.
Atzoko bileran, sindikatuek baztertu egin zuten patronalak egindako azken eskaintza, mahai gainean jarritako soldata igoerak nahikoak ez direla iritzita.
Gauzak horrela, gaurkoaz gain beste bederatzi greba egun egingo dituzte urtarrilaren 18an, 23an, 24an eta 25ean eta otsailaren 6an, 7an, 8an, 19an eta 20an.
Greba deialdi horiek 130.000 ikasle ingururi eragingo diete.
Aurretik, urrian eta abenduan, bederatzi egunez egin zuten greba.
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako lan hitzarmena 2021etik dago iraungita. Sindikatuek egiten dituzten aldarrikapen nagusien artean daude, besteak beste, lan zama arintzea, sektore feminizatu eta prekarizatuak hobetzeko neurriak hartzea, soldata KPIaren arabera igotzea, eta lanpostuak mantentzea, besteak beste.