GUREAN GAUR

Zaramagako muralak, auzo anitz eta borrokalari baten ikur

Ohikoa da Gasteizko Zaramagako auzoan barrena muralak ikustea. 2013an sortu zituzten lehen irudiak elkarlanean egindako proiektu baten bitartez. Auzoaren parte hartzea ezinbestekoa izan zen, eta boluntarioek argi izan zuten nolakoa izango zen lehenengo murala.

Orain, baina, sinbolo hauetako batzuk arriskuan daude. Gasteizko Udal Gobernuak Zaramaga eraberritzeko proiektua jarri du martxan, eta, besteak beste, egitasmo horrek jaso du auzoko hainbat eraikinetan obrak egitea energetikoki efizienteak diren etxebizitzak lortzeko. Lan horien ondorioz, 1976ko martxoaren 3an eraildako langileen eta adineko pertsonen omenez egindako muralak estaliko dira. Horren aurrean, Bizigarri elkarteko kideek, Zaramagako auzokideekin batera, muralak ez galtzeko lanean hasi dira, eta Udalak ere baieztatu du irudiak mantentzeko asmoa duela. Etorkizuneko muralak nolakoak izango diren erabakitzeko garaia da orain.