23 KORRIKA

24rako festa “handia” prestatu dute Baionan, “Korrikak merezi duen modukoa”

Korrikaren bukaera-egun handia aurkezteko, arduradunek prentsa-agerraldia egin dute gaur, Baionako Patxa plazan. Deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi dute hitzordu ederra izango dela Baionako herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua.

Amaiera-ekitaldia Askatasun plazan izango da, herri-etxearen (udaletxearen) parean. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, azken kilometro nazionalak egin ostean. Une horretan jakingo dugu nor den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere.