GUREAN GAUR

Datozen egunetako kultur agendaren errepasoa Irati Agirreazkuenagaren eskutik

Hurrengo egunetako kultur agenda ekarri du gurera Irati Agirreazkuenagak. Lau jardunaldi azpimarratu ditu: Errealitate Digitalaren paradigmen inguruko topaketak Donostian; udaberriko bertso saioak Santutxun; Getxo Eszena Kalean programa eta udaberriko Musikaldia Arrasaten.

Errealitate digitalaren paradigmaren inguruko topaketa esperimentalak antolatu dituzte aurten ere Donostian. Elkarrizketak, aurkezpenak, hitzaldiak, podcastak eta musika eta ikus-entzunezko emanaldiak izango dira maiatzaren 16tik 18ra bitartean Tabakaleran eta Dabadaban.

Bertso saioak eta bertso-poteoak egingo dira Santutxuko Karmelo plazan, larunbatero. Santutxuko Bertso Eskolak, Udalaren laguntzarekin, “Udaberriko Bertso Saioak” ekintzaren beste edizio bat atondu du hilabete honetarako. Hiru saio egingo dira hileko larunbatetan, 4an, 11an eta 18an; gainera, ohiko bertso-poteoa izango da ostiraletan, 20:00etatik aurrera, Karmelo plazatik hasita.

Maiatzaren 4tik urriaren 26ra, Kultur Etxearen ekimen berriak diziplina askotariko 16 ikuskizun taularatuko ditu Areetako Geltokia plazan. Adin guztietako publikoari zuzenduta, ekimen horren lehen edizioaren egitarauak 16 ikuskizun hartuko ditu Areetako Geltokia plazan, euskal konpainien eskutik. Ikuskizun horietan, antzerkia, dantza, zirkua, clowna eta musika bezalako modalitate eszenikoak bateratu dira, baita diziplina anitzeko sorkuntzak ere. Lan guztiak 18:30ean antzeztuko dira, maiatzaren 4an eta ekainaren 15ean izan ezik, horietan 21:00etan egingo baitira.

Maiatzaren 10etik 26ra Arrasatek XX. Udaberriko Musikaldia ospatuko du. Urteak igaro ahala, musikazaleentzat erreferentziazko hitzordu bihurtu da. Hasieran musika klasikoa nagusi bazen ere, urteen poderioz egokitu egin da mota eta estilo askotako ekitaldiekin, eta gaur egun Arrasateko musikarien erakusleiho ere bihurtu da, bai bakarlarientzat, bai musika taldeentzat. Arrasatearrek zein bisitariek 7 kontzertu izango dituzte aukeran maiatzaren 26ra arte. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira San Frantzisko elizan eta Juan Arzamendi Musika Etxearen auditoriumean. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.