Gipuzkoa osoko errefuxa Zubietako erraustegira eramaten dute. Egunero 300 tona inguru. Bertan bi instalazio daude. Lehenengoan, aurretratamendu baten bidez, zenbait etxetan ondo sailkatu ez dena eta oraindik birziklagarria dena berreskuratzen saiatzen dira. Behin errefuxa bereiztuta, biolehortu egiten dute, eta hondakin hori erraustu ondoren energia lortzen da. Bigarren instalazioan, lehenengo instalaziotik eramandako zepak lantzen dituzte. Oihan Sagastuy Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako ingeniariak bi instalazio hauen funtzionamendua azaldu digu. Dena den, errefuxa tratatzeko instalazio hauek eskatzen diren arauak betetzen badituzte ere, kutsadura iturri dira eta herritar batzuk kezkatuta daude, Arkaitzerrekan, airean eta inguruko lurretan agertu izan den kutsadura dela eta.