GUREAN GAUR

Euskal pentsiodunek herri ekimen legegile bat sustatuko dute gutxieneko pentsioak osatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Legegintzako Herri Ekimen bat aurkeztuko du Gasteizko Legebiltzarrean, gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko helburuarekin.

Pentsiodunen Mugimenduaren bozeramaileek adierazi dutenez, gutxieneko pentsioen osagarri bat bermatzeko lege bat proposatuko dute, "diru-sarrerak bermatzeko errentaren egungo irizpideetatik kanpo", "testu arauemaile propio" gisa, "pentsiodunek behar besteko diru-sarrerak jasotzeko duten eskubidea" islatuko duena, "bizitza duina" izateko helburuarekin.

Legegintzako Herri Ekimena sustatzeko erabakia irailaren 3an hartu zuten, lurralde-plataformek Gasteizen egin zuten koordinazio-bilera batean. Ekimena izapidetzeko onartzen baldin bada, hau gauzatu dadin, 10.000 sinadura bildu beharko dituzte otsaila baino lehen.