GUREAN GAUR

Durangaldeak mediku gehiago eskatzen ditu

Ostegun honetan Durangaldeko ehun lagun baino gehiagok elkarretaratzea egin dute Berrizen.
Herriko osasun zentroaren aurrean bildu dira eskualdean dagoen mediku falta salatzeko. Berrizen zituzten hiru medikuetatik bakarra ari da lanean azken hilabeteetan. Asteazkenean Osakidetzak iragarri zuenez, urriaren 1ean bigarren mediku bat lanean hasiko da herrian. Hala ere, OPA Herri Plataformak eta MPB pentsiodunek, manifestazioaren deitzaileek, “ez dela nahikoa” adierazi dute. "Ez litzateke izango iragarpena egin eta agindutakoa betetzen ez duten lehenengo aldia", azaldu dute.

Zaldibarri dagokionez, familia-medikuntzako bi lanpostu hutsak “berehala betezea” aldarrikatu dute. “Onartezina da lanpostu horietako bat bakarrik betetzea eta irailaren amaierararte itxaron behar izatea”, gaitzetsi dute. Medikurik ez izateak “arreta eskasa” eta “osasun-zentro horietako langileen gainkarga” eragiten dituela azpimarratu dute. Gainera, uda honetan murrizketak “aurreko urteetan baino larriagoak” izan direla gogorarazi dute.
Hortaz, manifestazioaren deitzaileek mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute,ostegunetan, 12:00etan. Durangon urriaren 3an mobilizaziora deituko dutela iragarri dute.