GUREAN GAUR

Horrela Ez eta Gorbeialdea Defendatu plataformak proiektu fotovoltaikoen aurka elkartu dira

Araban egin nahi diren proiektu fotovoltaikoen kontra elkartu dira Horrela Ez eta Gorbeialdea Defendatu herri plataformak. Joan den hilabetearen hasieran Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 22 proiektu fotovoltaikoek xede “ekonomikoa” dutela salatu dute herri plataformek, “landa ingurumenaren eta nekazaritzaren kaltetan”. Araba osoa irudikatzeko helburuarekin, 411 gurutze jarri dituzte Lubinao kontzejuko lursail batean protesta moduan.

Deskarbonizazioa industriak landa lurrak bereganatzeko aitzakia dela adierazi dute herri plataformek eta administrazioak landa eremuaren errealitatea ez duela ulertzen ezta errespetatzen ere salatu dute. Gainera, “Proiektuen aurkako erresistentzia ahultzeko mesu kontraesankorrak” zabaltzea leporatu diote administrazioari.

Bestalde “zubiak eraikitzeko” borondatearen mezua bidali diete Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari, energia trantsizio “arduratsu” eta “errespetuzko” baten alde egin dezaten.