Hamaika Telebistako zuzendaritzan lekukoa hartu dio Ainhoa Jauregik Iñaki Uriari. Biak Naiz Irratian izan dira orain arteko ibilbidearen eta aurrerantzean datorrenaren inguruan hitz egiten.
Etxe barruko berrantolaketarekin heldu da aldaketa, Jauregik azaldu du Hamaika transtsizio egoeran dagoela, “proiektu berria martxan jartzen”. Zuzendaritza aldaketa nahiko naturala izan dela azaldu dute, eta kargu berriari “ilusioarekin baina erantzukizun handiarekin” heltzen diola esan du Jauregik. Hala, azpimarratu dute Hamaika, 2006an sortu zenetik, hasieratik izan dela, eta jarraituko duela,euskararen normalizazioan eragiteko tresna bezala.
Orain arteko lanari jarraipena ematea eta garai berrietara egokitzea dira Hamaikaren helburu nagusiak. Izan ere, testuingurua izugarri aldatu da; beraz, adierazi dute euskara erdigunean misioa berdina izaten jarraituko duela baina ezinbestekoa dela eremu digitalean egotea eta belaunaldi berriekin konektatzea. Modu horretan, betiko oinarriak mantenduz egonkortzea eta irisgarritasunean irabaztea. Horretarako, Hamaikako komunitatearen konpromisoa oso garrantzitsua dela azaldu dute.