Euskal Herria Bizirik plataformak salatu duenez, Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu dio sareko kide bati. Taldearen arabera, NAIZek azaldu duenez, Iturrieta inguruan proiektu eolikoen aurkako mendi martxa bat antolatzen ari zelarik, ertzain batek identifikazioa eskatu zion Euskal Herria Bizirikeko kideari. Honen agiri faltaren ondorioz, ertzainak Mozal Legea aplikatu zion.
Taldeak argitaratutako oharrean, babesa adierazi diote plataformako kideari. Izan ere, urriaren 29an, elkarretaratzea deitu dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, kideak isunaren aurka aurkeztu duen helegitearen inguruan egingo den epaiketaren egunean, hain zuzen. Plataformak salatu duenez, mozal legeak polizia baten testigantza bakar batean oinarrituta zigorra ezartzea ahalbidetzen du, “defentsaren eskubide oro ezerezean utziz” aldez aurretik isunak ez baldin badira ordaintzen. Mozal Legea mugimenduak ekonomikoki ito eta agortzea helburu duen politika baten zutabe dela salatu du Euskal Herria Bizirik plataformak.