GUREAN GAUR

ABRA elkartea Arabako Errioxako sor-markaren eraketaren kontrako auziaren aurka agertu da

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Arabako Errioxako sor-marka propioaren eraketa. "Nahasmen handia" eragingo lioketela kontsumitzaileari argudiatu du Auzitegi Nagusiak, "eremu geografiko bera duten eta babestutako bi sor-marka dituzten bi ardo eskainiko litzaizkiekeelako". Arabako Errioxako Upategien elkartea auzi honen kontra agertu da, epaiak elkartea“babesik gabe” utzi dituela argudiatuz.

Elkarteak salatu du erabakia behar bezala oinarrituta ez dauden bi txosten kontuan hartuta egin dela. Bat Espainiako Nekazaritza Ministerioaren menpeko erakunde batek egindakoa eta bestea Errioxako Unibertsitateko katedradun batek eta irakasle batek egindakoa, biak Arabako Mahastiak sor-markaren aurkakoak, hain zuzen.

ABRA elkarteak 30 eguneko epea dauka Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko duen edo ez erabakitzeko. Hau izanik Arabako Errioxako sor-marka propioa eratzeko azken aukera. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, helegitea aurkezteko erabakia Upategi elkartearekin batera hartuko du, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin kritiko azaldu delarik.