LAB Sindikatuak delegatuen bilkura nazionala egin du Bilboko Bizkaia Frontoian eta bertan mila eta bostehun delegatu inguru bildu dira.
Sindikatuko bi koordinatzaile orokorrek hartu dute hitza, eta Igor Arroyok sindikatuaren mende erdiaren ibilbidea goraipatu du. Etxebizitzaren egoera larriaz ere jardun dira, eta sindikatuaren ibilbide antiarrazista balioan jarri dute. Euskal Herria harrera herria dela azpimarratu dute Txefi Roco idazkari antiarrazista eta Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko militanteek.
Aurten lan istripuan hil diren beharginak gogoan hartu dituzte, eta irailean aurkeztutako dinamika konfederaleko aldarrikapenak plazaratu dituzte.
Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak esan du gutxieneko soldata hemen eta orain ezarri behar dela, eta horretarako baldintza berriak sortu direla nabarmendu du.