GUREAN GAUR

Bi hilabete bete dituzte greban Amvisako langileek

Bi hilabete bete dira AMVISAko, Gasteizko Udaleko Ur Zerbitzuko bezeroen arretarako langileek greba hasi zutenetik. Plantilla handitzeko, lanaldi osoak ezartzeko eta lan egonkortasuna bermatzeko eskatzen diote langileek udalak azpikontratatutako enpresari.

Aurreko urteko uztailean hasi ziren langileak gauzak aldatzeko eskatzen, astebeteko greba eginez. Akordiorik ez zutenez lortu, azaroan, hilabeteko grebari ekin zioten. Azpikontratatutako enpresarekin eta Gasteizko Udalarekin biltzea lortu zuten, alabaina, konponbiderik ez. Beraz, greba mugagabeari ekin zioten urtarrilean. Ordutik, greban jarraitzen dute eta adierazi dutenez, jarraipena erabatekoa izaten ari da.

Momentu honetan AMVISAn pertsona bakarra dago lanean, Eusko Jaurlaritzak zeregin batzuetarako gutxieneko zerbitzuetan izendatutakoa. Enpresarekin ez ezik, Gasteizko Udalarekin ere negoziatu nahi dute langileek, azpikontratatutako zerbitzua baita. Salatu dutenez, lanean diharduten zazpi langileen baldintzak kaxkarrak dira eta haien lanpostuak arriskuan daude. Lanaldi osoak eskatzen dituzte AMVISAko bezeroentzako langileek, haien borondatearen aurka 6 ordutara egiten baitute lan.

ELA Sindikatuaren hitzetan Gasteizko Udalak prekarietatea sustatzen du, sei orduko lanaldiak egiten dituzten langileak dituelako eta hilean gutxi gorabehera 1.100€ kobratzen dutelako. Izan ere, udalak horrekin amaitzeko tresnak dituela adierazi du sindikatuak. Kontratu finko edo mugagaberik ez duten langileak daudela ezagutarazi du ELAk. Azaldutakoaren arabera, azpikontratatuta egonda, AMVISAk bi-hiru urtean behin ateratzen du konkurtsora zerbitzu hau, hortaz, langile hauek ez daukate subrogazio eskubiderik eta haien lanpostuak kolokan daude. Halaber, Gasteizko Udalak greba eskubidea urratu duela aldarrikatu du ELAk, mobilizazioen eragina txikitzeko segurtasun enpresa bat kontratatu duelako, eta AMVISAko beste eremuetako langile batzuk arreta zerbitzura bideratu dituelako. Horregatik guztiagatik, Lan Ikuskaritzara jo jo du sindikatuak. Borrokarekin jarraitzeko prest daudela jakinarazi dute langileek, baldintzak duindu eta bi aldeentzat akordio egokia lortu arte. Era berean, hauek hobetuz gero Gasteizko herritarrei zerbitzu hobea emango zaiela aditzera eman dute.