Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoan greba eguna dute gaur. LABek, Steilasek, ELAk eta CCOOk 12 lanuzte deitu dituzte unibertsitatez kanpoko hezkuntza-zentroetan. Irakasleak urtarrilaren 22an, 23an eta otsailaren 26an eta 27an mobilizatuko dira; Haurreskolen Partzuergoko langileen grebak urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an egingo dira; eta sukaldeko eta garbiketako langileenak urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an.
Mobilizazioen bidez, besteak beste, neurri hauek aldarrikatzen dituzte: lan-kargak arintzea, erretiroa aurreratzea, erosahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortzea eta bermatzea, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak. Sindikatuek gogorarazi dute grebara deitutako kolektiboen lan-hitzarmenak iraungita daudela, eta, zehazki, Haurreskolen Partzuergoko eta sukalde eta garbiketa langileen hitzarmenak 2009koak direla, eta irakasleenak 2010koak.