Urtarrilaren 30ean greba mugagabeari ekingo diote Guardian Glasseko langileek, hala erabaki zuten astelehenean izandako batzarrean. Premiazko borroka labea piztuta mantentzea da, enpresak dagoeneko iragarri baitu asteazkenean itzaliko duela, nahiz eta, hasiera batean otsailaren 3rako zegoen aurreikusita. Mikel Etxebarriak, eskualdeko ELAko industria arduradunak labea itzaltzeak zer suposatuko duen adierazi du. Hoztu nahi duten labea 2011. urtean berritu zen, eta 15 eta 18 urte bitarteko bizitza erabilgarria du, hortaz, laster berritzea tokatuko litzateke. Aldiz, Guardianentzat inbertsio hori jada ez dela errentagarria salatu du langile batzordeak. “Sorpresaz” hartu zuten langileek Guardian ixtearen erabakia. Izan ere, enpresak 90 urteko historia du Laudion, eta ixteak 171 lagunek lana galtzea suposatuko luke. Inolako prozedimendu negoziatzaileren aurretik multinazionalak erabakiak hartu eta enpresa etorkizunik gabe utzi nahi duela jakinarazi du industria arduradunak. Era berean, ELAk, helegitea aurkeztu du Bilboko auzitegi nagusian epaileak Guardianen agindua baliogabetzeko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, enpresari itxieraren alternatibak aztertuko dituen aholkularitza teknikoa proposatu dio, labearen egoera ebaluatzeko eta irtenbide posibleen analisia egiteko. Enpresak printzipioz bere erabakia mantentzeko asmoa du eta asteazkenean labea hoztu. Erabaki horren aurka joateko enpresa batzordeak asteazkenean goizeko 7retan mobilizazioa deitu du.