Ehunka pertsona batu ziren larunbatean Aiaraldearen etorkizunaren defentsan. SOS Aiaraldeak deitutako agerraldian giza kate baten bidez Gasteizko Foru Aldundia inguratu zuten.
Ekitaldiaren funtsa eskualdeak bizi duen ziurgabetasun eta abandonu egoera salatzea zen. Bide batez, erakunde publikoei “beste alde batera begiratzea” leporatu zieten, esaterako, Laudioko Guardian enpresaren itxiera dela eta. Giza katean ikus zitezkeen karteletan, Eusko Jaurlaritzari itxieraren konplize izatea leporatzen zioten.
Guardian enpresaren itxieraren harira, salatu zuten, Eusko Jaurlaritzak errealitatea desitxuratzen duela, inbertitzaileez, industria-planez eta denboraren poderioz beti ezerezean geratzen den hitzontzikeriaz hitz eginez. Gauzak horrela, politika publiko eraginkorrak eta inbertsioa prestakuntzan eta enpleguan aldarrikatu zituzten.