Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordea Hamaika Telebistako Aktualitate Solasaldian izan da, azken egunotan migrazio arloan izandako berrikuntzen berri emateko, besteak beste. Espainiako Gobernuak bakarrik datozen adingabe migrantzaileen banaketa onartu berri du Lege Dekretu baten bitartez, hainbat hilabetetako negoziazioen ostean. Legarretak positibotzat jo du neurria, "pauso bat" izan daitekeelako "erantzun estruktural bat artikulatzeko Kanariar Uharteetan bizi den egoerari aurre egiteko". Hala ere, araudi hau "hobetzeko esparrua dagoela" aitortu du, Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiar Estatuko "iparraldeko muga administratiboa" izendatzearena, esaterako.
Legarretak bakarrik datozen adin txikikoen egoera "oso gogorra" dela gogoratu du eta "errekurtso" eta "atentzio" zehatza behar dutela azpimarratu du. "Askotan deshumanizatu egiten ditugu politika batzuk", gaineratu du; baina "zenbaki potoloen atzetik izen-abizenak daude, motxila batzuk daude eta hori dena kudeatu egin behar da".
Diskurtso arrazistei aurre egiteko aldarria ere egin du; "denok izan behar dugu agente aktibo bat diskurtso hauek bertan behera uzteko".