Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sarea herri mugimenduek agerraldia egin dute Donostiako Udaletxe aurrean, azken desalojo arrazistak salatzeko. Izan ere, salatu dute intentsitate handiagoz ari direla kalean lo egin behar izaten duten migranteen lolekuak husten.
'Inor ez da ilegala' eta 'desalojo arrazista gutxiago, udal baliabide gehiago' aldarrikatuz, duela urtebete baino gehiagotik gertatzen ari diren eta gorrotoa sustatzen duten arrazakeria ekintzak gaitzetsi dituzte.
Salatu dute kanpaina bat egiten ari direla magrebtarren kolektiboa zuzenean segurtasun ezarekin eta delinkuentziarekin lotzeko. Kanpaina horren baitan kokatu dute, besteak beste, Udalak Egia auzoan afari solidarioak legez kanpo utzi izana edo azken ekintza, aterpea izateko etxola batzuk eraiki zituzten hainbat mutil horietatik ateraraztea, tartean auzoan inolako arazorik sortu gabe gizarteratze prozesuan dauden gazteak.
Aitortu dute "ulertezina" egiten zaiela zein gogor tratatzen diren hain justu ere egoera okerragoan daudenak eta Udalari exijitu diote gazteen jazarpena eten dezala, "aintzat har dezatela boluntarioen lana eta irtenbideak bilatzeko elkarrizketari ekin diezaiotela".