Joseba Asiron Iruñeko alkateak Nafarroako hiriburuko udaleko ateak zabaldu dizkio Hamaika Telebistari. Pasa den ostiralean, hilak, 28, izandako solasaldian, aktualitateko hainbat gaien inguruan mintzatu da Asiron; hala nola, Iruñeko udal haurreskolen euskarazko plazen eskaintzari buruz, hiria eremu tentsionatu izendatzeko prozesuari buruz edota Erorien Monumentuaren aferaren inguruan.
Azken gai horri dagokionez, Iruñeko alkateak monumentu hori zortzi hamarkadetan "ukitu gabe" egon ostean, "horren inguruan zerbait egin duen alkatetza bakarra” berea dela azpimarratu du. Eraikinean aldaketak egiteko udalak aurrekontu bat behar duela adierazi du, baita, monumentuaren babes legala desagertu dadin ere. Bi gauza horiek egikaritzeko, PSNren babesa "beharrezkoa" dela gogorarazi du. "Nik beste gauza bat egin nahiko nuke hor? Bai, dudarik gabe" aitortu du Asironek, baina "faxismoaren aldeko monumentu bat faxismoa salatzeko monumentu bat bilakatzen badugu, nik benetan pentsatzen dut oso ongi goazela", gaineratu du alkateak.