GUREAN GAUR

EAEko Justizia Auzitegiak bertan behera utzi du Serunion enpresari jarritako isuna

Eusko Jaurlaritzak 40.000 euroko isuna jarri zion Serunion catering enpresari, aurreko urtean. Arrazoia, zerbitzua ematen zuen ikastetxe batean izandako arazoak. Hain zuzen, Arabako Ikasbidea Ikastetxe publikoa izan zen Serunion Errioxako catering enpresa auzitara eraman zuena. Ikastetxeak berak azaldutakoaren arabera, “zerbitzatutako pasta ezin zen jan” eta gainera, ikasle batzuek euren plateretan “zizareak” ikusi zituztela salatu zuten.


Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, jarritako isuna bertan behera utzi du. Arau huste larriagatik zigorra jartzeko, zerbitzuak osasunean zuzeneko eragina izan behar duela izan da auzitegiak emandako argudioa isuna kentzeko. Gaineratuz, Ikasbidea Ikastetxean enpresak eskainitako zerbitzuen kalitatea desegokia edo eskasa izatea ez omen dela nahikoa zigorrak aurrera egiteko.


2023ko irailean eman zuten abisu larria ikasle batzuek, horiek oinarria bazutela ikusita, ikastetxeko arduradunek janariaren laginak hartu zituzten laborategian aztertzeko. Egindako laginen azterketen emaitzek ikasleek esandakoa konfirmatu zuten. Hain zuzen, zerbitzatutako pastan mikroorganismoak zeudela. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak espedientea ireki zion, isuna ezartzeaz gain. Auzitegiak zabaldutako epaiak, ikastetxeak hartu zituen laginen inguruan mintzo da, eta zehazten du enpresak ez duela ukatu janarian mikroorganismoak egotea, hain zuzen, aurkeztutako bi txostenetan azaltzen du hartutako bost laginetatik bakarrik bitan identifikatu zirela eta argudiatu du, mikroorganismo jakin hori janarian agertzea ez dela kaltegarria osasunerako.


Gauzak horrela, Arabako Murgia eta Zigoitiko ikastetxeek ere Serunionek eskainitako zerbitzuan “intzidentziak” zeudela jakinarazi zioten Jaurlaritzari, eta espedienteak zabaldu zituzten. Arazoa hainbat jangelatan errepikatzen ari zela ikusita, iaz, Hezkuntza Sailak jakinarazi zuen bertan behera utziko zituela Serunion enpresarekin jangela zerbitzua emateko sinatutako kontratuak. Erabaki horrek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamazazpi ikastetxe publikotan izan zuen eragina.