GUREAN GAUR

Jarraipen osoa izan du Bridgestoneko Basauriko lantokiko bigarren greba egunak

Basauriko Bridgestoneko lantokiko beharginek bigarren greba egunari ekin diote ostiral honetan. Sindikatuek adierazitakoaren arabera grebak jarraipen osoa izan du, izan ere, plantako ekoizpena erabat geldirik dagoela jakinarazi dute.

Iragarri dituzten hiru greba egunetatik bigarrena izan da hau. Enpresako zuzendaritzak abiatuko dituen 335 langileen kaleratzeren aurka mobilizatu dira, lehenengo ordutik fabrikako plantilla lantegiko atean bildu da, bertan, kontratuak amaitzeko enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazio-mahaiaren bilera egin dute, zuzendaritzak berak planteatuta.

Usansoloko Bridgestoneko langileek ere greba egin dute ostiral honetan Basauriko langileei
elkartasuna adierazteko. Baieztatu dutenez, lantoki honetan ere grebak jarraipen osoa izan du. Sindikatuek jakinarazi dutenez, Basauriko enpresak planteatutako kaleratzeak lantokiko beharginen %40ri eragingo die. Gaineratu dute, zuzendaritzak 55 urtetik gorako langileak enplegu erregulaziotik kanpo utzi dituela. Apirilaren 15ean izango dute hirugarren greba eguna Basauriko Bridgeston lantokian.