Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du Araban, Laminoria parke eolikoa jartzeko aldez aurreko administrazio-baimena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak eman du ebazpenaren berri asteazken honetan. Azaldu duenez, proiektuak ingurumen-inpaktuaren aurkako adierazpena jaso zuelako erabaki da baimena ukatzea. Martxan jarri nahi den parke eolikoa, jakinarazi dutenez, bateraezina da inguruko biodibertsitatea babestearekin.
Proiektuak zortzi sorgailu aurreikusten zituen Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerrietan. Aixeindarrek bultzatutako proiektu honetan Iderdrola eta Eusko Jaurlaritzak hartzen dute parte Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, eta 40 MW-eko potentzia aurreikusten zuten. Nahiz eta Laminoriakoak ezezkoa jaso duen , Eusko Jaurlaritzak, momentuz, Azazetako parke eolikoa mantenduko duela adierazi du, Laminoriakoaren eremu berean dagoen arren.
Laminoariako proiektu berak eguzki-planta fotoboltaiko bat sortzea aurreikusten du, bere osotasunean Arraia-Maeztuko udalerrian kokatuta egongo dena. Egitasmoak hainbat zuzenketa jaso ditu, baina ingurumen ebaluazioa positiboa izan da. Eusko Jaurlaritzak azaldutakoaren arabera, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak hartuz gero, eguzki planta bateragarria izango da inguruko landarediari eta faunaren babesarekin. Proiektuaren instalazioak 57, 98 hektareako azalera hartuko luke.