Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek grebei eutsiko diote. Ostegun honetan bildu dira sindikatuen ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordio bat erdiesteko helburuarekin, baina, sindikatuek jakinarazi dutenez, ez dute lortu. Azaldu dutenez, jaso duten proposamena ez zaie nahikoa iruditu, eta hortaz, Hezkuntza Sailak beste bat luzatuko die.
Proposamenak bere baitan, Lehen Hezkuntzako ratioak 22 ikaslera jaistea, ikastetxe publiko guztietan irakasle gehiago jartzea, hizkuntza proiektuetarako aholkulari gehiago jartzea eta irakasleentzat bidezko ordainsariak lantzen zituen.
Bileraren berri komunikabideen bitartez jaso zutela salatu dute sindikatuek, halaber, idatzizko proposamenik ere ez zaiela bidali, beraz, euren desadostasuna adierazteko asmoz protesta egin dute ostegun goizean Eusko Legebiltzarraren atarian.
Akordio berririk lortu ezean kaleak hartuko dituzte hezkuntza publikoko irakasleek maiatzaren 12tik 16ra. Era berean, larunbatean manifestazioa deitu dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Ohartarazi dute, gainera, manifestua 3.000 pertsonek baino gehiagok sinatzeaz gain dozenaka eragile eta zenbait eskolek ere horrekin bat egin dutela.