GUREAN GAUR

"Harriak mugitu behar ditugu legeetan aitortuak ditugun eskubideak aldarrikatzeko"

Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan da Hamaika Telebistako Aktualitate Solasaldian, euskarak zazpi lurraldeetan duen egoerari buruz hizketan, baita herritarrek euskal hizkuntzan bizitzeko zailtasun eta erronkei buruz ere. 

Gaubekaren esanetan, oraindik aktibismoa ere bada euskaraz bizitzeko ahalegina egitea. "Herritar askok" aipatzen diete tramite berbera euskaraz egiteko pasa behar duten prozesua: eurengana, Aratekoarengana, administraziora eta abar jo behar dutelarik, Behatokiko zuzendariak aitortu duenez. "Nekagarria" izan badaiteke ere, "hori ez galtzera" gonbidatu ditu herritarrak; "hori galtzen den egunean, euskararen etorkizuna ere orain baino latzagoa izango da", baieztatu du Gaubekak.