Euskal Herria alderik alde zeharkatuta, "konponbidearen puzzlea" osatu du Sarek Iruñean. Oraindik ere erregimen itxian dauden 57 presoen herriak igaro dituzte asteburuan, 28 guztira, eta bakoitzean puzzlearen pieza bana bilduz joan dira, 544 kilometroko ibilbidea osatu arte.
Larunbat goizean Lesakan hasi, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba alderik alde zeharkatuta, Iruñean amaitu dute ekimena, bertan bildu duten azken piezarekin osatu dute "konponbiderako puzzlea".
Sarek azaldu duenez, "inor faltan eta inor soberan izango ez duen" puzzle hori bere pieza desberdin guztiekin osatu ahal izateko, beharrezkoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bideari ekitea, eta biktimek errekonozimendua, erreparazioa eta egia ezagutzea.