Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea izan da Hamaika Telebistako Aktualitate Solasaldian, pertsona migratzaile eta arrazializatuen inguruko aurreiritzien, diskurtso xenofoboen gorakadaren eta erakunde publikoen artatze eta babes-sistemen inguruan hizketan, besteak beste.
Euskal gizartearen barnean kultura ezberdinen arteko elkartrukeari dagokionez, Mazkiaranek oinarrizko abiapuntua "koexistentzia lasai bat" dela adierazi du eta, hortik aurrera "begiratu beharko dugu nola kudeatu" ezberdinen arteko elkarbizitza hori. Argazkia "aldatzen dijoa, aldatuko da eta hau ez da bueltatuko lehen ezagutu dugun harremanetara", azpimarratu du SOS Arrazakeriako kideak eta gizartea zein erakunde publikoak horren kontziente izan behar direla esan du. "Baina oraindik ez dugu hartu kontzientzia hori", ohartarazi du Mazkiaranek.