Amurriotik alde egin behar izan zuen ostiralean AMA Desokupa enpresak, burutu nahi zuen etxegabetzea gauzatu ezinik. Aiaraldeko Greba Batzordeak jakinarazi du herritarrek emandako erantzunari esker joan direla desokupazio enpresako kideak. Azaldu dutenez, bortizkeria fisikoa zein psikologikoa erabiltzen duen konpainiari aurre egiteko erabakia hartu eta telefono zenbaki bat jarri zuten herritarren esku, bertara dei zezaten enpresa herrira heldu bezain pronto.
AMA Desokupako kideek etxegabetzea gauzatu ezinik larunbatean bertan hartu zuten euren etxera, Granadara, itzultzeko hegazkina. Angela Jimenez Mendozak, enpresako jabeak, bere sareetan eman zuen horren berri, “Laster arte Araba eta Bilbo” eta “zure etxea zurea da” bezalako hainbat esaldiekin.
Aiaraldea komunikabideak jakinarazi duenez, ez omen da enpresa honek azkenaldian gauzatzen saiatu den kasu bakarra. Izan ere, adierazi dutenez, La Madriguera Zentro Sozial Okupatuaren gatazkan istiluak sortu zituzten. jendearen kontra indarkeria baliatuz. Gainera, komunikabideak berak azaldu du, bertan agerian geratu zela AMA Desokupa eta Polizia Nazionala elkarlanean ari zirela, enpresako kideak poliziaren bi lerroen artean babestuta omen zeuden eta atxiloketak gauzatzeko momentuan, desokupazio enpresako kideek poliziak kartoiekin estali zituzten, jendeak grabatu ez zitzan.
Komunikabideak ohartarazi du, AMA Desokupa bezalako enpresen jarduna legez kontrakoa dela, eraikin bat hustu nahi izanez gero epaileengana jo behar dela. Azpimarratu dute, enpresa hauek prozedurak “azkartzen” dituztela legez kontrako tresnak erabiliz, esaterako, ura, gasa edo argindar hornidurak etetea, mehatxua edo jazarpen psikologiko zein fisikoa.