Erroldarik gabe izaterik ez plataformak manifestazioa deitu du ekainaren 5ean, udalak eskubiderik gabe uzten gaitu lelopean. Udalaren politika arrazistak, okupazioaren kontrako ofentsiba, pobreen aurkako gerra eta errentisten botere eta inpunitatea salatzeko deitu dute. Bada, hainbat dira udalari exijitzen dizkioten aldaketak.
Manifestazioan, orotara, 47 elkarte eta eragilek egingo dute bat. Gasteizko Udalak errolda lortzeko oztopoak jartzen dituela salatzeko, “Erroldarik gabe, izaterik ez” kanpaina abiatu zuten hainbat kolektibok 2023an. Azpimarratu dutenez, espainiar Estatuko legearen arabera, pertsona oro bizi den udalerrian erroldatuta egon behar du. Zehazki, BOEren ebazpen baten arabera, infraetxeetan eta etxebizitza gabe bizi diren pertsonek errolda lortzeko eskubidea dute, etxebizitzaren titulartasunaren inguruan egon daitezkeen eztabaida juridiko-pribatuak edo etxebizitzari eragiten dioten egoera fisiko, higieniko-sanitario edo bestelakoak alde batera utzita.
Beraz, gauzak horrela, Gasteizko Udalari leporatzen diote erroldatzeko eskubidea jabeen esku uztea, eta, salatu dutenez, pertsona askoren eskubideak murrizten dituen erabaki politikoa da hori.