Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak, Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Aztiker soziologia ikerguneak Naziometroaren zazpigarren neurketa aurkeztu dute astelehen honetan, 2025eko martxoan Euskal Herrian bizi diren 1.355 pertsonari egindako inkesta batean oinarrituta.
Ikerketak jarrera erreakzionarioen gorakada nabarmena erakusten du Euskal Herrian. Inkestaren arabera, herritarren %66k uste du jarrera horiek handitu egin direla, eta %57k bere inguruan halako jarrerak sumatu dituela. Bereziki migrazio eta aniztasun kulturalaren inguruan antzeman dira (%61) eta bigarren tokian genero berdintasunaren aurkako jarrerak daude (%33). Migrazio gaietan, 30 urtetik gorakoek jarrera itxiagoa dute (%40 inguruk “gehiegizkotzat” jotzen dituzte haien aldarrikapenak), gazteen artean %23.
Inkestak ideologia politikoaren eta jarrera erreakzionarioen arteko lotura argia erakusten du. Ezker muturrekoen artean, %15ek bakarrik jotzen dituzte migratzaileen eskubideak gehiegizkotzat, eskuin muturrekoen artean, berriz, %57k. Genero berdintasunaren kasuan, %9 eta %48 arteko aldea dago ezker eta eskuin muturren artean.
Herritarren %48k uste dute migratzaileek funtsezko papera izan behar dutela gizartearen parte bezala, %26k muga batzuk behar direla dio, eta %20 inguruk ikuspegi murriztaileagoa adierazten dute. Herritartasuna ulertzeko modu ezberdinak daude, baina herritarren gehiengoak (%60) uste du Euskal Herrian bizitzea eta lan egitea dela euskal herritar izateko baldintza nagusia, jaiotza baino lehenago. Jaiotza irizpidea soilik %21ek lehenesten dute. Migrazio politikak nork kudeatu behar dituen, %47k dio tokiko gobernuek eduki beharko lituzketela migrazio-eskumenak, eta %30k estatuaren esku egon beharko luketela.
Estatus politikoaren aldaketarako prozeduraz, %53k erreferenduma lehenesten dute estatus aldaketak egiteko modurik egokiena bezala. Euskal lurraldeen arteko harremanari dagokionean, %37k lurraldeen arteko harreman gehiago nahi lituzkete, beste %21ek erakunde bateratuak nahiko lituzkete. %30ak bakoitza bere aldetik jarraitzea. Harreman horiek bereziki osasun, hezkuntza eta ekonomia arloetan ematea nahi da.
Eskumen gehiago Euskal Herriarentzat: %44k uste du gaur egungo eskumenak handitu beharko liratekeela; gutxiengo oso txiki batek zentralizazioaren alde egiten du. %66,3k dio etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela eta %62,7k Espainia edo Frantziako estatuek onartu beharko luketela tokiko adostasun batek bultzatuko lukeen erreferenduma. Azkenik, Euskal Estatuaren aldeko jarrera hazi da: %38,5k Euskal Estatuaren alde agertu dira eta kontrako jarrera %26,5era jaitsi da (serie osoko baliorik txikiena). %35 inguruk ez dute oraindik iritzi finkorik edo abstenitu egingo lirateke (multzo hau haziz doa).