GUREAN GAUR

Zortzi urte bete dira Errekaleor auzoan argia moztu zutenetik

2017ko martxoan Iberdrolako langileak ertzaintzaren babespean Errekaleor auzora hurbildu ziren argia moztera. Orain, zortzi urte igaro direnean, berriro ere gerturatu dira langileak orduan han utzitako zenbait aparatu eramatera. Errekaleor Bizirik kolektiboak adierazi duenez, auzoan jada ez da Iberdrolaren instalazio elektrikorik geratzen, beraz, bertako langileek ez dute aitzakiarik izango auzora itzultzeko.

12 urte darama martxan Errekaleor Bizirik proiektuak eta oraindik ere, auzokideek, gogoan dute 2017an argi mozketaren harira jaso zuten elkartasun uholdea. Adierazi dute, Ertzaintzak bortizki atera zituela auzotarrak, kolpatuz, identifikatuz eta atxilotuz. Hala ere, Gasteiztik bertatik eta beste hainbat txokotik etorritako lagunei esker instalazio elektriko autonomoa sortzea lortu zutela. Jakinarazi dute, ordutik, Errekaleor auzoa uharte energetikoa izan dela, hain zuzen, argindar sistema propioa du, eguzki plaka eta elektrizitatea banatzeko sistemarekin.

EHUko ikasle batzuk, 2013an, momentuko etxebizitzaren problematikari erreparatu eta alternatibak bilatzeari ekin zioten. Horrela, auzoaren azterketa egin ondoren Errekaleorreko 26. portala okupatu zuten. Hasieran 10 bat lagun ziren, gaur egun ordea, 120. Azaldu dute, auzoa 16 etxebizitza blokez osatuta dagoela eta gainera, hainbat gune komun dituztela, hala nola, zinema, gaztetxea, frontoia eta okindegia. Era berean, elikagaiak euren kabuz lortzen dituztela ohartarazi dute, auzoa lursailez inguratuta baitago.

Errekaleor Auzo Askea Espainiar estatuko auzo okupatu eta autogestionatu handiena da. Hala ere, elkarteak zenbaitetan salatu du Gasteizko alkateak auzoa eraitsi nahi duela, auzoaren segurtasuna dela eta. Udalaren aburuz, auzoak ez ditu bizi baldintza duinak bermatzen. Are gehiago, alkateak Aretxabaleta auzora lekualdatzeko eskaria egin ziela adierazi dute, baina, horrek proiektuaren amaiera suposatuko zuela, beraz, ezezkoa eman zioten alkateari. 
Auzokideek aditzera eman dute Errekaleor Auzo Askea espazio ireki bat izan dela herritar eta kolektibo anitzentzat, eta horrela izaten jarraituko duela. Hala, Iberdrolak auzora egindako azken bisita kanpo injerentziatzat hartu dute eta erresistentzia bizitzeko deia egin dute.