GUREAN GAUR

Ekainaren 7ra arte Gora Herriak jaialdia ospatzen ari dira Pasai Donibanen

Urtero bezala, data hauen bueltan Gora Herriak jaialdia ospatzen ari dira Pasai Donibanen. Maiatzaren 22an hasi zuten ospakizuna eta ekainaren 7ra arte iraungo du.

Jaialdiaren ardatza Abya Yala zer den ezagutaraztea da, Ameriketako jatorrizko herriek beren lurraldeari ematen dioten izenetik abiatuta, kultur aniztasuna eta memoria kolektiboa ospatzea. Koloreak eta mezuak uztartuta, herri aniztasunaren eta erresistentziaren aldeko aldarria egingo dute. Bixi Bixi elkarteak antolatuta, hitzaldiak, ikastaroak, bertso saioak, kalejirak, herri bazkariak eta musika emanaldiak izango dira.

Ekainaren 7an izango da azken jai handia. Egun osoko egitarauak askotariko kultur adierazpenak bilduko ditu: inauteri tradizionalak, folklore erakustaldiak, herri bazkaria, eta dantza eta musika ikuskizunak. Arratsaldean egingo dute ekitaldi nagusia, eta eguna Hija del Nopal DJaren saioarekin amaituko da, «Abya Yala osoko» musikaren erritmoan. Egitarau osoa, egunez egun, pasaia.eus orrialdean kontsulta daiteke.