Haizea Arbide Aza Steilas sindikatuko bozeramailea izan da Aktualitate Solasaldian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoaren jaiaren atarian, ekainaren 1ean ospatuko dena, Hego Euskal Herriko hezkuntza sistema publikoaren argazkia egin du. Horrez gain, haren hobekuntzarako hainbat ardatz azpimarratu ditu.
Zentzu horretan, EAEko sistema publikoari dagokionez, Arbide Azak 2023an onartutako Hezkuntza Legean sistema publikoa "erdigunean ez egotea" Steilasentzat "kezkagarria" dela aitortu du. Halaber, "azken egunetan" Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu den Begoña Pedrosak adierazitako 100 milioi euroko zuzkidurari dagokionez, "harrigarria" dela gaineratu du. "Negoziaketan egon garen bitartean, 200 milioi euroko inbertsioaz ari ziren", baieztatu du Steilaseko bozeramaileak; "ez dakigu erdia, 100 milioi euro horiek, non gelditu diren, edo zertara ari diren itxaroten hori inbertitzeko".