'Txosnak. Gureak, denonak' dinamika aurkeztu dute Bilbon. Euskal Herriko hainbat txosnak eta jai batzordek bat egin eta sinadura bilketa bat abiatu dute, txosnak Euskal Herriko ondare ez-material izenda ditzaten. Izan ere, duela aste batzuk, txosnak arriskuan daudela ohartarazi zuen herri jaien mugimenduak.
Azaldu dutenez, nahiz eta txosnen atzean jende asko lanean ibili, geroz eta arazo gehiagori aurre egin behar diete eta ez dira heltzen administrazioek ezarritako betebehar guztiei. Gaineratu dute, ez direla edariak zerbitzatzeko barra hutsak, hori baino askoz gehiago direla. Jai herrikoei bihotza, elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere nortasuna ospatzen duen lekua, are gehiago, tresna politiko, sozial eta kulturalak direla. Eta beraz, horiek babestea ezinbestekoa dela azpimarratu dute.
Gauzak horrela, uda osoan zehar ibiliko dira sinadurak biltzen. Dinamikarekin bat egiteko bi aukera izango dira, Euskal Herriko jai guztietan egongo diren sinadura orriak erabiliz edo sortu duten webgunearen bitartez.
Larunbatean eman zioten hasiera sinadura bilketari Miribilla auzoan. Bertan, 900 eragileen ordezkariak elkartu ziren dinamikaren berri emateko. Txosna bat muntatu zuten eta zapi arrosak jantzi zituzten, gainera, ekitaldia pandero-jole eta trikitilari batek, Andoni Ollokiegi musikariak eta Joselontxos Donostiako txarangak girotua egon zen.